
Aurtengoa izango da Mikel Urrutikoetxeak pilotari profesional moduan egingo duen azken denboraldia. Zaratamoko pilotariak Bizkaia frontoian prentsaurrean eman du erabakiaren berri. Baikorekin duen kontratua urtebeterako berritu zuen joan den abenduan eta 16 denboraldi eginda hartuko du erretiroa. «Ondo» dagoen artean erretiratzeko nahiak bultzatu du iaz sinatutako kontratua bukatu orduko erabakia hartzera.
Irailaren 20an jokatuko du azken norgehiagoka Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Udako denboraldian kantxetan egongo da oraindik, beraz, lehian. 36 urte beteta utziko du pilota profesionala.
Hunkituta azaldu da prentsaurrean eta ibilbidean eskainitako laguntza eta babesa eskertu die gurasoei, arrebari eta bikoteari, baita alboan izan dituen pilotari eta lagunei ere. Zaleekiko ere esker ona agertu du pilotariak. Halaber, izan duen ibilbidearekin «pozik eta harro» dagoela adierazi du.
2009an hasi zen profesional gisa eta urte berean irabazi zuen bigarren mailako lau eta erdikoa. 2015ean buruz burukoan garaile izan zen, finalean Olaizola II.a hiru tantoko aldearekin mendean hartuta. Urte berean irabazi zuen Lau eta Erdiko txapelketa nagusia eta, horrela, 62 urtean txapela hori janzten zuen lehen bizkaitarra bilakatu zen.
2015koaz gain, 2016ko eta 2019ko Buruz Buruko Txapelketa Nagusiko finalak ere jokatu ditu eta 2017ko Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusian txapeldunorde geratu zen. Binakakoa ere irabazitakoa da, 2016an, Olaizola II.arekin bikotea osatuta, hain zuzen ere, aurrelaria izanda atzelari gisa jokatu eta final hori irabazi duen pilotari bakarra da.
Haiek izan ziren bere urterik onenak baina geroztik nahiko lan izan du Urrutikoetxeak aurreko mailari eusteko. Izan ere, buruz burukoan ez du partidarik irabazi azken bost ekitaldietan eta, lau eta erdikoan hiru daramatza partidarik irabazi gabe.
Hori dela eta, Baikok ez du aukeratu azken bi binakakoak jokatzeko, eta ordezko ibili da. Hala ere, urtebeterako berritu zioten kontratua joan den abenduan, baina, arinago utziko du lehia profesionala Urrutikoetxeak. «Nik uste dut beti garrantzitsua dela noiz utzi behar den jakitea eta modu on batean uztea», adierazi du prentsaurrean.
Polemikarik ere bizi izan du Urrutikoetxeak bere kirol ibilbidean. Izan ere, 2020an Baikoko pilotariek enpresari «egoera sostengaezinaren» aurrean neurriak hartzeko ekimena abiatu zutenean, Aimar Olaizolarekin eta Ander Imazekin batera iniziatibarekin bat ez egitea erabaki zuen. Egoera publiko eginda, gainontzeko pilotariek funtzionamenduaren aldaketa eskatu zuten, pilotaria gehiago babesteko.
Buru osasuna zaintzearen garrantzia
Urrutikoetxeak bere ibilbidean bereziki garrantzitsuak izan diren mugarriak gogora ekarri ditu, baina horren gozoak izan ez diren uneez ere mintzatu da. Osasun mentalak bere jardunean izan duen eraginaz aritu da eta aitortu du inoiz «laguntza eskatu» behar izan duela, fisikoki ondo egonda ere, buruak ez diolako utzi kantxan behar besteko maila ematen.
Izan ere, 2019an lesio gogor bati egin behar izan zion aurre, baita amaren gaixotasunari eta heriotzari ere, eta gaurkoan azaldu du kirol arloan espezializatutako psikologo baten laguntza behar izan zuela «sartuta nengoen zulo horretatik atera ahal izateko».
Horrela, fisikoki zein mentalki ondo dagoen momentua aukeratu nahi izan du erretiroa hartzeko, bukaera ibilbidearen mailakoa izan dadin.

Una piedra tallada hace 10.000 años, rival de la Mano de Irulegi

Jo eta fuego lanean Berriozarren Topagunea prestatzeko

«Pantierno», «castellano», «adaburu xarra»... así se insultaba en la Nafarroa del XVI y XVII

La juventud independentista responde en Berriozar a la campaña de UPN y la AN
